XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

AUR-IKASTOLAK

Ibiñagabeitia'tar Andima'k

Gudu-ondoko urteak ziran, illun, itun eta astunak; gosea garai, malkoa non-nai, beldurra berriz, biotz guztietan ernai, salatariak ari baitziran espetxeak errugabez eta illobiak illotzez betetzen.

Egun negargarriak aiek, egun deitoragarriak benetan.

Egun aietan ia egunero ioaten nintzan gure Azkue aundiari agertutxo bat egitera.

Ribera'ko etxe zar artan arkitzen nuen beti, leize-zulo beltz batean galduta bezela.

Iñor gutxi agertzen zitzaion orduan gizon aundi ari, alare antxen zegoen bakartasunik aundienean, beti lanean euskeraren alde, aspertu gabeko ekiñean.

Pozik artzen ninduen gure apaiz aundiak eta nik ere pozik igarotzen nituen berarekin ordutxo aiek. El euskera y algunas lenguas modernas idazten ari zan, eta osorik irakurri zidan argitara baño len.

Latsibi, ain artua zeukan eleberria ere, oraindik argitaratu gabea, osorik irakurri zidan gure aguretxo maitagarriak.

Bañan gure autuak, geienetan beintzat, ikastolaren ingurukoak izaten ziran.

Zenbat bider esan ote zidan Azkue jaunak:Eskolak bear ditugu, nora-ezean bear ere, gure euskera gaxoa iñoiz pizkortu ta sendotuko baldin badogu!

Eskola barik ezer gitxi egin al izango dogu, eskolarekin barriz, dana!

Eta extit iñork ukatuko izpidean zegoenik gure gizon aundia.

Euskeraren galera etzion ark itz-berri-zaleei egozten, gure arteko askotxok egin daroen lez; ez, gure aberri-izkuntzaren galera osoa euskerazko ikastolarik ezari egozten zion; ortik etorkion aren ustez ondamendia eta ortik datorkio oraindik ere, gure ustez.

Mibisusen euskerak eztut uste kalte aundirik egin dionik Donibane ta Sara'ko euskerari, ala ere Donibanen eta Saran euskera galdu egin da edo galtzen ari da.

Zergatik? Eskoletan euskera il eta prantsesa irakasten delako.

Itzaurre luzeegia bear bada, nere gaurko autuarentzat.

Emen ez gera Euzkadin bizi, alare zerbait egiten dugu aurren artean euskeraren alde.

Iru urte ezkero EUZKADI IKASTOLA deritzaion eskolatxo bat daukagu emen Caracas'en eta ikastola ori Kinder ta lenen-mallako neska-mutikoz antolatuta dago: ia irurogeitamar neska-mutiko bitzen dira iruzpalau andereñoen zaipean.

Egia esan, berandu sortu zan ikastola ori; ogei lenago egin zitekeana eta egin bear zena gañera, ez da orantsuarte egin.

Zer dala-ta? Gure abertzale famatuek aberri-izkuntzari begiko zakarrari baño garrantzi gutxiago eman ian diotelako: naiago izan dute erdalkerian ito, euskaltasunean bizi baño.

Ortik nunbait ere, Euzkadiko analpabetismuaren mugarik-eza.

Euzkadin bakarrik ikusten da beste iñun ikusten eztana: Obispu, apaiz eta praide analpabetuak.

Or ikusi ditugu eliz-gizontxu asko pot eta porrot, mezako otoitzak euskeraz ezin irakurrita.

Olakorik...! Lege-gizon, mediku, inkineru, ontzi-buru, lantegi-buru, langille, nekazari ta arrantzale analpabetuak.

Itz batek esan Euzkadi ia oso-osorik, goitik bera analpabetu.

Nun ikusi da olakorik?

Nun da gure euskaltasuna?

Nun gure abertzaletasuna?

Euskal-erri ala etoi-erri al da gure erria?

Baña besterik erakutsi digute Caracas'ko euskal-umetxoek.

Ezin eta zoragarriagoa izan zen Muxika'tar Arantza andereñoari eskeñi zioten agurjaitxoa.

Ikustekoak zeuden gure poxpolintxuak euren ezpain xamurretatik euskera-iario.

Aien abesti ederrak eta aien antzerki eta lore-eskeintze xamurrak.

Dana euskeraz. Ain poliki, ain egoki.Umeak xoratuta, gurasoak berriz, lilliratuta.

Orra or eskolaren indarra! Aurrak dana ikasten dute, errex gainera, eta euskera beste ezer baño errexago.

Eztakit noraino iristen den orko Konkordatoaren indarra lenen-mallako ikastolak sortzeko eskubideetan.

Emen Caracas'en eztago batere parrokiarik aur-ikastola gabe, elizak berak zuzenduta gainera.

Ezin ote dezakete gure apaiz jaunak elizaren babesean beste ainbeste egin?

Jakiña, egitekotan euskeraren alde jokatzeko ez erdera indartzeko; ortarako landik ere naiko ta geiegi ditugu eliz-andre ta gizonen eskuetan.

Eta euskerari egin dioten kaltea ezta errex neurtzekoa.

Gure erria eta erriarekin batera euskera gaikatzeko eztaukagu beste biderik: EUSKAL IKASTOLAK EUZKADI GUZTIAN SORTU.

Orra egin dezakegun lanik bikañena!